XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beste euskalkiderik ezean eta zeuk agindu lana egin behar ez banendu, berari euskera erakutsi eta, ez dinok ezerezetik, baina vasco honengandik benetako euskalduna argitzeko aukerea izango nenduke.

Eta, esateko neunkatsuna, atzo patiorako orduan, hara bidean ginoazela, nik neure euskalkidea bilatzearren-edo beste barik, neure euskaltasuna adieraztearren, baina neu konturatu barik, Bili-bili, bonbolo abesten hasi nintxatzun.

Umore onez nengon nonbait eta idazteko emon daustazun zeregin honek espetxe akordua bera kendu egin eustan.

Abesten hasi eta astoak soindu, idiak dantzan, ahuntzak danbolina jo ahapaldia amaitzeraino heldu nintzan, harik eta zaindarietariko bat hurreratu eta isilazo nindun arte.

¿Qué decía usted en ese canto? esan eta bazterrera deitu nindun; ¿no sabía que aquí no se puede cantar? inostan agirika bizian.

Zurtz gelditu nintzan berak sapotzetik nindaukala eta ez zan laketzen euskerakadak erderatu neuntsozaino.

Bien berak susmokariago orduan y ¿quién es ese cabrito ese burro ese buey y esa cabra? Ipuin kantua zala nik, ez eukala ezelako konotazinorik eta hareago nire espetxe lagunak euskerarik ez ekielarik.

Halan da be ez ziran gozatu bere purrustada eta bekainak ez eta beratu bere zemak aske itxi nindunean.

Aske? Aske esan beharko espetxean bertan nagola.

Baina zaindari horrek baleki deskuidoan zeuk emoniko kuaderno honetan zer dinodan, batez be zelan dinodan, erdera egitera behartuko ninduke, hau da, beste sare bat hedatuko leuke neure inguru espetxe honetan, neure soinaren jabe ezeze, gogoaren jaun izatearren.

Neure soina baino neure gogoa jasarriatuago ete dan nago.

Ze gaiztakeria egin dau nire euskerak, gure euskerak?.

Hemen isilik eta callando egotea baino ez dago.